XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

MODAREN GORABEHERAK

Modan, gorabehera handiak eta arinak gertatzen dira gaur egun Europan.

Baina, moda, kasu honetan, orrazkera eta janzkera, antzina, astiroago aldatzen zen.

Euskaldunek, esate baterako, Kristo aurreko III. mendean ile luzea eta kapa luze beltzak zeramatzaten.

Hiru mende beranduago, keltiarren antzera, gizonezkoak prakak erabiltzen hasi ziren gure herrian.

Zazpi mende beranduago euskaldunen janzkera apur bat dotoreagoa edo osoagoa zen.

Carlomagno enperadorearen semea, adibidez, euskaldunen moduan agertzen da jantzita antzinako irudi batean: mauka zabalak, alkandora moduko bat, kapa biribila burutik sartuta eta praka antzeko batzuk; eta, jakina, eskuan gezi bat.

Hurrengo mendeetan, handikiek eta aberatsek modaren gorabeherei jarraitzen zieten: poloniarren zapata zorrotzak, frantziarren ileordeak, eta abar eta abar.

Pobreen jantzi ia bakarra, ordea, alkandora izan zen urte askotan eta moda ez zen askorik aldatu.

Barneko arropa zuria, adibidez, XIII. mendera arte ez zuten erabili, galtzontziloak XVIII.era arte ez ziren janzten hasi; lo egiteko ere XVI. mendetik aurrera hasi ziren lo egiteko jantzia erabiltzen; lau mende falta ziren oraindik mongoliarren bidez heldu ziren pijamak erabiltzeko.

Euskal andrazkoen janzkera guztiz orijinala izan zen bolada luze batean, beheko irudietan ikusten denez: ezkonduak, ezkongabeak eta alargunak ongi bereizten ziren.

Europatik kanpo ere, moda oso astiro aldatzen zen.

Gaur egunera arte ia aldatu gabe iraun dute japoniarren kimonoak, arabiarren albornozak edo turbanteak, Peruko indiarren pontxoak eta abar.

Hala ere, XVI. mendetik aurrera, Europan, aldaketa arinagoak gertatzen hasi ziren janzkeran.

Izan ere, gure jatorrizko jantziak ez dira hain zaharrak: euskal txapela karlistadekin zabaldu zen XIX. mendean, abarketa valentziarrak XVIII.etik dira ezagunak, eta baserritarren atorra beltza ere XIX.ean hasi zen erabiltzen.

Aspaldi honetan, munduko herri aberatsetan, moda (janzkera zein orrazkera) ia urtetik urtera aldatzen ari zaigu.

Baina ez uste gauza berri asko ikusten dugunik: gizonezkoen ile luzea, adibidez, XIX. mendeko Arratiako baserritarren moda omen zen.

Erdi Aroko andrazko euskaldunak

Erdi Aroko alarguntsa

Erdi Aroko neska ezkongabea

Erdi Aroko andre ezkondua